Nik’e estrenatu berko det atal hau… Lehenengo aldiz irakurtzean ez dezute ulertuko, bigarren aldiyan igual… Saritutako sorta da, oseake txarra dela ezin dezue esan jeje. Ulertzen dunak azaldu dezala, edo esan dezala ze ulertzen dun. Eztabaidak nahi ditut.
Doinua: Biribila da lurgaina (Nolakoa zinen Bilbo)
1)
Eguna jaio aurretik
hamabiak aldera,
gogoz kontra gainera,
berriro animatu da
Chenoa kantatzera! (BIS)
Abiatu naizenean
mugikorra hartzera
pentsatuz “nor ote da?”
Afoniko gelditu da
ni heltzeaz batera (BIS)
2)
Baina aprobetxatzeko
hara heldu naizela,
zeharkatuz logela,
Nor izan den jakiteko
hartu dut Alcatel-a. (BIS)
Orduantxe ohartu naiz
beranduegi dela,
gora betez sakela,
bi ordu bazirelako
joan behar nuela (BIS)
3)
Mahai gainetik giltzak hartu
eta esnatu ahala
irten naiz berehala
eta Kontxara joan naiz
tximista bat bezala (BIS)
Nahiz eta batek galdetu
bidean nindoala
non dagoen Kursaala
Banekien beste zerbait
galdetu nahi zidala (BIS)
4)
Bidea zein den zehazten
hainbeste hika-mika
isildu da etsita
beharra berak duela
konturatzen hasita (BIS)
mesedea eskertu dit
paperetan jarrita
jarraitu dut korrika
Berarena ez delako
behar dudan bisita (BIS)
5)
Azkenean topatu dut
mobileko gizona
bi orduz zain egona
izanagatik oraindik
dauka umore ona (BIS)
Honi ere Kursaala da
bururatu zaiona
baina hau ez da broma
horretarako preseski
etorri bada hona (BIS)
6)
Erantzuna emateko
nolako ahalegina.
Ezin dut imajina
zein handia izango den
daraman jakin-mina (BIS)
berak ere eskertu dit
aurrekoak adina
baina ez da berdina
kantitatez urrunago
gaudelako, jakina (BIS)
7)
Gero korrika saioak
eduki du segida
baina, etxera, tira…
iritsi eta joan naiz
bazkaltzeko tokira (BIS)
DNIa atera dut
mahai gainera begira
errazena hori da…
Goizeko neke guztiak
estali egin dira. (BIS)
8.
Ohartu naiz ez naizela
nire ekintzen jabe
nago nahikoa grabe
Burua ez dut sekula
eduki horren bare (BIS)
Atea jo dute eta
mugitu naiz suabe
eta nik parez pare
atea ireki diot
nor den ohartu gabe (BIS)
9)
Lausotu eta urruti
dakusat ingurua
nago hain ahuldua
inork atea jo duen
ez da hain segurua (BIS)
bai, bai norbait bereizten dut
baina ez kopurua
hau da hau apurua
Kursaal aldera bidali
baitut nire burua (BIS)
10)
“Legearen izenean
zaudenean gelditu
indarrik ez ahitu”
Baina nahi izanda ere
ez naiteke mugitu (BIS)
egin omen ditudala
horrenbeste delitu
kontuak esan ditu
baina hitzerdi gehiago
ezin ditut aditu (BIS)
11)
Bat-batean esnatu nahiz
sei pareta, bost kate
Hara, norbait dakarte!
Gizon hori izango da
eman duena parte (BIS)
aipatu dit ez dudala
edukiko aparte
ez akats, ez hutsarte
Sudurzuloko zuria
zuritzen dudan arte (BIS)
12)
Inork gogorik bazuen
marra batzuk sartzeko
gazterik ez zahartzeko
esaten nien nahi zuten
guztietan deitzeko (BIS)
Ta Kursaalaren galdera
ezkutua tarteko
lana dut argitzeko
nolatan moldatu ziren
niganaino heltzeko (BIS)
Manu Goiogana