Iparraldeko bersulari xapelgoaren finaleko kronika

Iparraldeko Bertsolari Txapelketa aurten jokatu da lehenengo aldiz. Iparraldeko Bertsularien Lagunak elkartea arduratu da antolaketaz eta urriaren 18an hasi eta herenegun bukatu zen. Amets Arzallus izan zen nagusi eta gure bertsokateko Ekhinobitxek ikaragarrizko saioa egin zuen. Dena dela, joan gaitezen urratses-urrats:

Motxian taldeko gazteok goizeko 8k eta hamarreko trena hartu eta Hendaiara abiatu giñen, aste bete lehenago egindako pankarta eta guzti.

hooligan kartela iten

Hara 10etarako ailegatu, polizia nazionalari DNia erakutsi eta pixka bat itxaron ondoren beste bertso eskoletako kideak agertzen joan ziren pixkanaka Hitzetik Hortzerako lan taldeakin batera. Artaldea osatutakoan Pierre Larzabal kolegioan lotako trastoak utzi eta poteora abiatu giñen Ziburura. Poteo goxo bat egin genuen Ziburu eta Donibane Lohitzuneko tabernetan barna Hooliganen eta nere bertso batzuekin eta trikitalarien eta trikitilari inprobisatuen pieza ederrekin lagunduta.

trikitalai inprobisauak

Ordubiak aldera; berriz, bazkaltzera joan giñen; zainzuriak, langostinoak eta txuleta; zorionak antolatzaileei eta sukaldariei!!!

4terdiak aldean pankarta txukun-txukun jarri eta zerbeza baten laguntzaz eta inguruko lagunekin berriketan jardunaz ohartzerako 8 bertsolariak oltza gainera igo zitzaizkigun. Ta holaxe, agurrekin bertsolariak eztarria berotzeaz aparte argi utzi zuten (Ekhinobitxek dotore asko bota bezela) bertsolaritzan festa bat zala herenegungo finala.


Zortziko handiko lana Maddalenek eta Sustraik hasi zuten euskarazko irratiaren inguruko saio serio bezain dotore batekin. Lan ederra egin zuten baita gure Ekhinobitxek eta Odei Barrosok; honako gaia jarri zioten “ama eskola bateko irakasleak dira, Odeik ez du arnasa hartzeko ere astirik ukaiten, Ekhiri aldiz lan eguna luzeegia zaio”. Hona bota zituzten bertso eder horietako ale bi:

Odei:
Beraz ez naute inoiz entzuten,
ez al da aski tamala?
Umea baita harroa eta
ni naiz hain mutil apala.
Baina ez zaituzte gehiago maite,
ohar zaitez berehala;
beti tratatzen baitut nik haurra
nirea balitz bezala.

Ekhinobitx:
Zurea balitz bezala zabiltz,
bai baina galdua arrunt.
Aholkutxo bat al bada Odei
orain eman nahi dizut:
behar direnean ohiuak eta
baita zaplasteko batzuk,
amak ni hola ezi ninduen
nik hola eziko ditut.


Zortziko handiaren ostean zortziko txikiko lanak etorri ziren. Saio ederra burutu zuten hemen ere gure txapeldun Ekhinobitxek eta Amets Arzallus txapeldunak. Apartamendu berean bizi diren bi lagunen paperetik kantatu zuten; Amets azken hilabete honetan hirugarren aldiz maitale berri batekin itzulia da etxera eta Ekhinobitz aldiz azkenaldian bakarrik dago. Hona haserako bi aleak:

Ekhinobitx:
Neska berriarekin
heldu zira usu,
kolekzionatzen edo
hasiak dituzu.
Pixkat ezkertiarrago
izan zaitez aizu,
behin bukatu ta gero
neri utzidazu.

Amets:
Gainera hitz egin dit
sozialista antzean,
ai zenbat maltzurkeri
duzun bihotzean.
Nik beti han uzten dut
ohean ertzean,
baina lo egoten zara
ni etxeratzean.


Ondoren puntu erantzunak etorri ziren. Orokorrean ez zait iruditzen gehiegi asmatu zutenik bertsolariek, baina ez ziren jardun horren gaixki ere. Hona Ekhinobitxen lana.

Hamarreko txikia gero, hamarreko txikia oltzan eta aguantatu ezineko parreak gure inguruan. Zergatik? Esplikatzen erreza… Gure ondoko lagun bati buru gainera zerbeza baso oso bat erori zitzaiolako goiko harmailetatik eta gotik behera blai egin zelako, en fin… Hona ikuskizun hori eta hamarreko txikiko beste saio apart bat, Ekhinobitxek eta Sustraiek burutakoa hain zuzen ere. Honela zioen gaiak: “Ekhi gobernuz kanpoko erakunde batean lan egiten duen bolondresa da eta gerlatik bueltan dator, Sustrai aldiz gerlara doan soldadua da. Aireportu batean egin dute topo”. Saio honetan aipagarria izan zen benetan Sustrairen asken bertsoa:

Ekhi enaiz hasiko
ederra itsusten,
gu ez pentsatzekotan
trebatu gintuzten.
Alperrik nabil zure
ametsak zapuzten,
zure aurrejuzkuek
ez dizute uzten
uniformeaz gaindi
pertsona ikusten.


Kartzelakoa zetorren ondoren. Bertsolariak kartzelara eta harmailetan baloraziorako ordua. Hona Hooliganen ahotik entzun ahal izan genuen aitorpenetako bat “Damutzen nauk Ekhi azkena eman izanaz (porran)”.Kartzelako lana binaka burutu zuten bertsolariek. Lehenik 6 puntuko txikian ofizioka, bertan, haurdun geratu den 16 urteko alabaren eta bere amaren paperean jarri zituzten bertsolariak. Bertsoaldi ederrak entzun ahal izan genituen. Horien artean Ekhinobitxek botatako aleak (sentitzen dugu baina argazki kamarari bateria bukatu zitzaion) eta Ametsek eta Sustraik burututakoa. Ondoren, gai baten inguruan 3 bertso bota behar izan zituzten; lehengoek ohikoa den bezala Larrun mendira igo eta ortzimugara begira dagoen pertsona baten larrutik kantatu zuten eta bigarrenek bidaia luze baten ondoren helmugara ailegatu den gutun baten paperetik (gazteleraz esaten den bezela “nunca mejor dicho”). Bigarren hau egokitu zitzaion Ekhinobitxi eta bertso hauek bota zituen:

Nahiz ezin naizen mugitu eta
nahiz ta ezin naizen mintza
ni egin naute bi pertsonaren
lotura lortzeko giltza
ni heldu naizen lekuan dena
dago beltza eta hitsa
azkenaldian kontuak beti
asko okertzen dabiltza
nahiz ta saiatu errespetatzen
nere idazlearen hitza
askoz ere nahiago nuen
sortu izan ez banitza.

Azkenaldian aski lurralde
urrunetan naiz egona
ta maleruski ez dut ekartzen
nik honantza zoriona
nere idazleek enaute egin
oso idazki sakona
ustez bi hitzez egina dute
aldi hontan gutun ona
ni naiz gutuna hiru astetan
iritsia dena hona
ta irakurtzen duenai bizitza
izorratuko diona.

Miz anderea zure senarra
orain ez dago hobeto
lanak baditu hark jasotako
tiro hori sendatzeko
ta hemen Iraken egonen denik
bate ez dugu usteko
garaia heldu da bere eguna
orain kondatzen hasteko
ta ni zugana heldu naiz baina
hemen enago hobeto
ze patua sortu beharra heriotz
baten berri emateko.

Esan beharra dago ez zela Ekhinobitxen ariketarik borobilena izan, azken poto honek posturen bat behera egitea eragingo baitzion ziurrenik. Hala ere bertso hauekin Ekhinobitxek final paregabe bati amaiera eman zion.


Puntuaketen aurretik azken agurren txanda etorri zen. Niri Ametsen agurra gustatu zitzaidan ikaragarri. Kartzelan ordu eta erdi luze zain egon zirela eta honako bertsoa bota zuen:

Sartu gaituzte kartzelatxoan,
lau metro kuadro kabida,
ta zenbakia noizko iritsi
zazpira eta zortzira,
ordulariak eman dizkigu
nik ez dakit zenbat jira,
ordu terdi bat sufrimenduan
ta pentsatu dut begira:
urte pila bat daramatenak
nola egongo ote dira…

Bukaeran sari banaketa eta txaloak. Xanti Iparragirrek jantzi zion Ametsi txapela eta baita bertso grazioso eder bat bota ere. Ametsek duela gutxi zendu zen bere amonari eskeini zion txapela. Hona bi bertsoak:

Xanti:
Garai bateko amets urruna
iada gara bertaratu
hazi txikitik landare eder
orain oihan bilakatu
oihan hortako izarra amets
nere zorionak hartu
txapel bana denek merezi zuten
krisian gaude barkatu

Amets:
Presoak, Xanti, lagun guztiak,
denak kabituak daude,
baina ezin naiz urrutira joan
Zumaian gelditu gabe.
Berak bertsoaz gutxi zekien,
zoriontsu zen señale.
Plazan Luisitak esango zion:
atzo zuen amets bale!
Ta Xabinitak: Maialeneke
bota dik makina ale!
Eta amona ibiliko zen
gustora kalerik kale,
bihar plazara jaitsiko zara
haizea bezain xuabe,
esan lagunei egin zarela
txapel txiki baten jabe.

Ondoren final osteko balorazioak, afaria, trago batzuk, parranda eta beste hainbat ixtori geuretzat gordetzeitugunak… Eguneko argazkiak ikusi nahi badituzue klik hemen.

Besterik ez, ondo izan ta aupa Ekhinobitx!!!!!

Xagua

zabaldubildudel.icio.us

5 Iruzkin

  1. Xagua -(e)k esandakoa

    Azaroa 19, 2008 @ 7:27 pm

    Zmz-ko finala iruditu zitzaizuen? Zmz-ko sayua Ekhinobitxena? Puntuaketarekin ados? Zenbaterainoko garrantzia izango du txapelketa honek iparraldeko bertsolaritzaren etorkizunean? …?

    Bota zuen iritziya!!!

  2. julen -(e)k esandakoa

    Azaroa 19, 2008 @ 10:24 pm

    iep!
    joan ez ginenentzako kronika ona! milesker!

  3. Hooooligan -(e)k esandakoa

    Azaroa 20, 2008 @ 2:59 pm

    Kronika bikaina in dek Xagua! Ekhin ofiziyo danak hartu dituk, baita gure parre-algarak e hor goitik neska batek gure lagunari zerbeza burutik behera bota ziyonian. Kejatu ingo zeate igual beti zarauztarrok ateatze gealako argazkitan, baina badakizue horrek oso erremediyo errexa dakala. Fallo txiki bat e in dekela iruitze zaiak. “Miz anderea”? Zer dek hori? Nere ustez Smith anderea esan nahi zian. Ta galderei erantzunez:
    -Kalitate haundiko finala iruditu zitzaidan, baina luzegia, kartzelako binakako hori agian sobran edo gaia sobran bitako bat.
    -Ekhik saio aparta in ziala iruitzen zaiak. Aspaldi ez niala bertsotan aitzen, baina imajinau´re enian iten holako maila altuan egongo huenik.
    -Sailkapenarekin ERABAT ados, baina Ametsen eta Sustraien artean alde minimoak egon behar zuten eta Sustrai eta Mirenen artean tarte handiagoa.

  4. Manu -(e)k esandakoa

    Azaroa 20, 2008 @ 6:22 pm

    Erra kronika!! Biño pixkat luzegiya’re bai e!! Ia mariatu in nak ikusitenin!!

    Ekhi arras ongi, biño finala orokorrin luze eta otza iruditu zitzaidan. Ta sailkapenarekin ez nago batere ados. Nere ustez Sustrik irabazi behar zuen (Ametsek sekulako ostikadak eman zizkion euskarari, batez ere 10eko txikian, eta dirudienez hori ez dute zigortzen….). Bestela Mirenek agian puntu gehixegao jaso beharko zituen, eta Odeik ere bai. Aparte, ekhi gorago ikusten nuen, EHkoan egon behar zuen…

    Besteik ez, izan untsi!!

    Portzierto, Nik uste miss edo Miz esan zuela, ze Smith esatea bai ez zetorrela ezertara… Ez dakit, berak argituko digu halakon baten…

  5. Ekhinobitx -(e)k esandakoa

    Azaroa 21, 2008 @ 12:16 pm

    Onena nik argitzea bai.
    Suspensearen jokoa egin nahi izan nuen eta bukaera arte eutsi nion, hau da, 3.en bertsoa arte ez nuen ezer erran, bete lana egin nuen. jeje.
    Nik pentsatua nuena zera zen, iraketik nentorrela hango soldadu baten heriotza jakinaraztera bere andreari. Hooligan-ek asmatu bezela Smith anderea erran nuen. baina bo, ez du garrantziarik.

    Bestalde, kronika oso ona. Nik Amets ikusten nuen txapeldun, baina Sustrai hurbilago izango zela uste nuen. Miren aldiz ez dut uste Sustrairengandik urrunago gelditu behar zenik. EHkora joatearenarekin aldiz ez dut uste manuk erran bezela nik barruan egon behar nuenik. Ni barrura sartuta zein kenduko zenuke ba? Odei? Krixton saioa egin zuen berak ere eta nik ez bezela ez zuen hutsik egin. Maddalen? Ejem… Sailkapena dagoen bezela ongi dago eta ni behintzat gustora utzi nau. Ezinean ibiliko nintzela uste nuen baina presiorik gabe iritxi nintzen oholtza gainera eta uste dut orohar gauzak ez zitzaizkidala gaizki atera. Zer behar da ba gehiago. Super Txatxi da!

Iruzkin bat idatzi

Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5