Bota bertsuba XV
2008 Azaroa 29 @ 13:49 (Bota bertsuba!)
2008 Azaroa 22 @ 12:53 (asmakizunak)
Bart Lizarrako Etxabe duke
jaunan jauregiyan bertan
dukea hilik aurkitu zuten
iluntzeko hamaiketan.
4 susmagarri aurkitu nitun
erdi negarrez penetan,
galdetu nien “dukea hiltzean
nun zeudeten eta zertan?”
Ta hurrenez hurren bakoitzak ala
aitortu zidan “benetan”:
Lehenik eta behin sukaldariyai
ipini niyon kontrola,
aitortu zidan une horretan
bera sukalden zegola.
Bera ez zela, bera ez zela,
nola egingo zula, nola?
Aitortu zidan 11ak alden
oihu bat entzun ta hola
garbitzen zegon plater dotore
bat erori zitzaiola.
Etxeko alabak zion irakurtzen
zegola pake pakian
ta berehala erreakzionatu
zula buila entzutian.
19 ta 20.go
orrialdien artian
markapaginas sartu zula ta
joan zela pixpax batian
eta lur jota geratu zala
jauna hilik ikustian.
Maiordomua omen zegoen
lagun batzukin batera,
bere soldata exkaxa jokauz
mahai bueltan pokerrera,
asko irabazten zegola ere
aitortu zidan gañera;
baina oihua entzun orduko
joan zela ikustera,
ah! Ta gainera orduan zula
koloreko eskalera.
Jardinerua hitz gutxikua,
lanak izan nitun hontan,
behin eta berriz galdetu niyon
zertan zegon ordu hortan
eta zergatik ez zen azaldu
zer zen ikusi asmotan.
Azkenik hala kontatu zidan
tonu altuan erronkan:
“ni ez naiz izan kanpoko nere
txabolan bainengon lotan”.
Zenbat ideia ta gogoeta
guztiei entzun ondoren,
bat izan dela pentsatu arren
ez dakit ziur nagoen;
beraz, laguntza eske joanda
jokatuko det ondoen.
Nahiz ta susmoak izan ez dakit
hiltzailea zein ote den,
zuek abilak zerate eta
lagun zaidazute arren…
Xagua detektibea
2008 Azaroa 18 @ 1:09 (bertso saioak)
Iparraldeko Bertsolari Txapelketa aurten jokatu da lehenengo aldiz. Iparraldeko Bertsularien Lagunak elkartea arduratu da antolaketaz eta urriaren 18an hasi eta herenegun bukatu zen. Amets Arzallus izan zen nagusi eta gure bertsokateko Ekhinobitxek ikaragarrizko saioa egin zuen. Dena dela, joan gaitezen urratses-urrats:
Motxian taldeko gazteok goizeko 8k eta hamarreko trena hartu eta Hendaiara abiatu giñen, aste bete lehenago egindako pankarta eta guzti.
Hara 10etarako ailegatu, polizia nazionalari DNia erakutsi eta pixka bat itxaron ondoren beste bertso eskoletako kideak agertzen joan ziren pixkanaka Hitzetik Hortzerako lan taldeakin batera. Artaldea osatutakoan Pierre Larzabal kolegioan lotako trastoak utzi eta poteora abiatu giñen Ziburura. Poteo goxo bat egin genuen Ziburu eta Donibane Lohitzuneko tabernetan barna Hooliganen eta nere bertso batzuekin eta trikitalarien eta trikitilari inprobisatuen pieza ederrekin lagunduta.
Ordubiak aldera; berriz, bazkaltzera joan giñen; zainzuriak, langostinoak eta txuleta; zorionak antolatzaileei eta sukaldariei!!!
4terdiak aldean pankarta txukun-txukun jarri eta zerbeza baten laguntzaz eta inguruko lagunekin berriketan jardunaz ohartzerako 8 bertsolariak oltza gainera igo zitzaizkigun. Ta holaxe, agurrekin bertsolariak eztarria berotzeaz aparte argi utzi zuten (Ekhinobitxek dotore asko bota bezela) bertsolaritzan festa bat zala herenegungo finala.
Odei:
Beraz ez naute inoiz entzuten,
ez al da aski tamala?
Umea baita harroa eta
ni naiz hain mutil apala.
Baina ez zaituzte gehiago maite,
ohar zaitez berehala;
beti tratatzen baitut nik haurra
nirea balitz bezala.
Ekhinobitx:
Zurea balitz bezala zabiltz,
bai baina galdua arrunt.
Aholkutxo bat al bada Odei
orain eman nahi dizut:
behar direnean ohiuak eta
baita zaplasteko batzuk,
amak ni hola ezi ninduen
nik hola eziko ditut.
Ekhinobitx:
Neska berriarekin
heldu zira usu,
kolekzionatzen edo
hasiak dituzu.
Pixkat ezkertiarrago
izan zaitez aizu,
behin bukatu ta gero
neri utzidazu.
Amets:
Gainera hitz egin dit
sozialista antzean,
ai zenbat maltzurkeri
duzun bihotzean.
Nik beti han uzten dut
ohean ertzean,
baina lo egoten zara
ni etxeratzean.
Ekhi enaiz hasiko
ederra itsusten,
gu ez pentsatzekotan
trebatu gintuzten.
Alperrik nabil zure
ametsak zapuzten,
zure aurrejuzkuek
ez dizute uzten
uniformeaz gaindi
pertsona ikusten.
Nahiz ezin naizen mugitu eta
nahiz ta ezin naizen mintza
ni egin naute bi pertsonaren
lotura lortzeko giltza
ni heldu naizen lekuan dena
dago beltza eta hitsa
azkenaldian kontuak beti
asko okertzen dabiltza
nahiz ta saiatu errespetatzen
nere idazlearen hitza
askoz ere nahiago nuen
sortu izan ez banitza.
Azkenaldian aski lurralde
urrunetan naiz egona
ta maleruski ez dut ekartzen
nik honantza zoriona
nere idazleek enaute egin
oso idazki sakona
ustez bi hitzez egina dute
aldi hontan gutun ona
ni naiz gutuna hiru astetan
iritsia dena hona
ta irakurtzen duenai bizitza
izorratuko diona.
Miz anderea zure senarra
orain ez dago hobeto
lanak baditu hark jasotako
tiro hori sendatzeko
ta hemen Iraken egonen denik
bate ez dugu usteko
garaia heldu da bere eguna
orain kondatzen hasteko
ta ni zugana heldu naiz baina
hemen enago hobeto
ze patua sortu beharra heriotz
baten berri emateko.
Esan beharra dago ez zela Ekhinobitxen ariketarik borobilena izan, azken poto honek posturen bat behera egitea eragingo baitzion ziurrenik. Hala ere bertso hauekin Ekhinobitxek final paregabe bati amaiera eman zion.
Sartu gaituzte kartzelatxoan,
lau metro kuadro kabida,
ta zenbakia noizko iritsi
zazpira eta zortzira,
ordulariak eman dizkigu
nik ez dakit zenbat jira,
ordu terdi bat sufrimenduan
ta pentsatu dut begira:
urte pila bat daramatenak
nola egongo ote dira…
Bukaeran sari banaketa eta txaloak. Xanti Iparragirrek jantzi zion Ametsi txapela eta baita bertso grazioso eder bat bota ere. Ametsek duela gutxi zendu zen bere amonari eskeini zion txapela. Hona bi bertsoak:
Xanti:
Garai bateko amets urruna
iada gara bertaratu
hazi txikitik landare eder
orain oihan bilakatu
oihan hortako izarra amets
nere zorionak hartu
txapel bana denek merezi zuten
krisian gaude barkatu
Amets:
Presoak, Xanti, lagun guztiak,
denak kabituak daude,
baina ezin naiz urrutira joan
Zumaian gelditu gabe.
Berak bertsoaz gutxi zekien,
zoriontsu zen señale.
Plazan Luisitak esango zion:
atzo zuen amets bale!
Ta Xabinitak: Maialeneke
bota dik makina ale!
Eta amona ibiliko zen
gustora kalerik kale,
bihar plazara jaitsiko zara
haizea bezain xuabe,
esan lagunei egin zarela
txapel txiki baten jabe.
Ondoren final osteko balorazioak, afaria, trago batzuk, parranda eta beste hainbat ixtori geuretzat gordetzeitugunak… Eguneko argazkiak ikusi nahi badituzue klik hemen.
Besterik ez, ondo izan ta aupa Ekhinobitx!!!!!
Xagua
2008 Azaroa 13 @ 14:05 (bertsokatea)
Bertsokateak etzi zita du
jarri zazue arreta,
ze kide batek iparraldeko
txapela baitu gordeta.
Animo Ekhi lasai joan hadi
eta animoz beteta
Seuru sayo txukun-txukuna
egingo dekela eta.
Nerbioso xamar dagola ziur,
hala izaten da beti.
Etzan egongo txapela bere
buruan dela baleki…
Animo oihu berezi bila
idatzi hau det ireki,
orain dezute aukera eta
harritu zazute Ekhi!
Xagua
2008 Azaroa 10 @ 19:47 (gogoetak)
Nahiz ez gaur ta ez sekula
hontaz ez jakin nahikoa,
ausardiaz bizitzari
bertsoak naiz jartzekoa.
Zerbait erreala ote?
Edo zerbait abstraktoa?
Inork inoiz irabazten
jakingo ez dun jokoa?
Ergel batek kontautako
ipuin zentzugabekoa?
Biharko planak egiten
zaudela pasatakoa?
Gauza bat argi det behintzat,
neroni naiz lekukoa…
bizitza magia dela
ta maitasuna trukoa.
Zientziak dio dela
aminoazido, zelula,
proteina, organulu,
organo, quark, partikula,
elektroi, protoi ta neutroi,
atomo ta molekula,
ta abar luze batekin
osatutako formula.
Nik uste det kumuneko
paperaren antza dula:
hasieran lasai-lasai
zertan neurtu ta kalkula?
Baña iya ohartu gabe
bukatzen joaten zaigula
ta gutxi falta denean
apreziatzen degula.
Bizitza ta heriotza
eskutikan doazela
zein zaila den onartzea
nahiz jakin horrela dela.
Izane hil ta gero zer?
Ezereza zein krudela…
Sarri pentsatzen det hortan
ohera sartu ta bela,
baina almoadak ordun
erantzuten dit horrela:
bizitzak heriotzaren
oporraldiak direla.
Beraz bukatu aurretik
gozatu behar den bezela,
hiltzean pentsa dezagun
merezi izan zuela.
Xagua
Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5