Maitasuna landatuz…

maitasuna landatzen

Joan dira une garratzak,
negarrak eta beldurrak;
gaur harridura ikurrak
dira atzoko akatsak.
Ta berriz lehen urratsak
badatoz ustekabean,
sentitzen naiz azkenean
ilusioz ta primeran,
15 urtekin eran
tximeletak sabelean.

Pasatakoa aparte
utzi dut, baina nerekin
ilusio berriekin
nerbioek segi didate;
maite edo ta ez maite,
baietz dio margaritak.
Ametsak eta irrikak,
dena da plana geroko,
ea noiz egingo topo,
badatoz garai politak.

Berriz neska bat buruan,
berriz telefono deiak,
berriz poeten ideiak
oheratzeko orduan.
Garai batean moduan
ederra da bizitzea
eta ondo sentitzea.
Nahiz ez heldu helmugara,
sentsazio polita da
maitasuna landatzea.

Xagua

zabaldubildudel.icio.us

8 Iruzkin

  1. Anonimoa -(e)k esandakoa

    Urria 21, 2008 @ 8:54 pm

    Oso bertso politak Xagua! Jakin al daiteke zein den bertso hauen beste sortzailea???

  2. Xagua -(e)k esandakoa

    Urria 21, 2008 @ 9:17 pm

    Eskerrikasko “Anonimoa”. Ah! Ta noski jakin leikela zein dan bertso hauen beste sortzailia, bakizu, kasualitatez zure izen berdiña daka…

  3. Manu -(e)k esandakoa

    Urria 21, 2008 @ 10:52 pm

    Burua joaten denean
    guregandik haratago
    sentsazio on bat dago
    gure irudimenean
    unea datorrenean
    nahiz eta ez egin kaso
    arrazoia du akaso
    alaitzen baitu eguna
    landatzeak maitasuna…
    nahi ta uztarik ez jaso

    Portzierto Xagua, bertsoak hiriak ttuk ez?

  4. Xagua -(e)k esandakoa

    Urria 22, 2008 @ 12:25 pm

    Neriaituk bai, kimikako fakultaten idatziyak ordu libre baten. Ikusteitenez, hike bakik zer deken hoi eh! Goatze nauk oaindik Hondarribiko festetan jejeje Bertsokaten zentsurautako bertso bakarrak dituk eun hartakuak jejeje

    Bea Manu, ondo izan!

  5. Manu -(e)k esandakoa

    Urria 22, 2008 @ 2:57 pm

    eeee, egia!!
    eniñun oroitzen!!
    Bertso hoik ondo gordiak izango ttuk ez?
    Nozpaitte, zentsura garaia pasatzean jarriko dizkiyau. Biño nozpatte…

  6. goierri69 -(e)k esandakoa

    Urria 22, 2008 @ 3:18 pm

    Maitasuna zer ote da,
    maitepozen maitemina?
    bizi bizitzeko grina
    hezkontza baten bezpera
    arazo denen hasera
    hasieran dena eder
    muxukatuz mila bider
    baña denbora maltzurra
    ta neskatilla makurra
    mesedez beste bat ager

    Ta beste bat agertu zan
    beno edo da agertu
    ez dut nahi sekula_agurtu
    bizitzeko esperantzan
    baño barruko zalantzan
    bizi beharko dut beti
    ai nork edo nork baleki
    maitasunaren hesiak
    noiz gaituen bereiziak
    AMETS BERRIAK ERAIKI!!!!

  7. Xagua -(e)k esandakoa

    Urria 23, 2008 @ 5:57 pm

    Muxukatuz mila bider
    ezkontza baten bezperan…
    maitasunean haseran
    dena izaten dela eder…
    Ziur enagola oker,
    utzi, hasi, utzi hasi
    ibiltzen zerala kasi,
    argitu zaio Oierri
    zergatik zeran goierri
    69…

  8. goierri69 -(e)k esandakoa

    Urria 23, 2008 @ 7:37 pm

    Duda bat badu Oierrek
    zergaitik naizen goierri
    nereganaino etorri
    eta galdetu zerorrek
    bertsolagun zintzo horrek
    numeroz nahi nuen jantzi
    ta hauxe nuen bereizi
    oixe da nere gogoa
    hau nere poetismoa
    hirurogeitabeatzi

Iruzkin bat idatzi

Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5