Ximun Cazaubon

Ximun Cazaubon Jatsuarra da, 16 urte ditu eta Iazko Iparraldeko eskolarteko txapelketan 2.en gelditu zen. Maialen Akizuri Xaguak eginiko elkarrizketaren ondotik hurrengoa izango zela erabaki zen; hona hemen bera hobeki ezagutzeko parada.

Ximun Cazaubon

Noiz hasi zinen bertsotan?
-Bertsotan hasi nintzen 9 urterekin Uztaritzen

-Zergatik hasi zinen?
Aintzineko urtean Bertsolari Ttiki-ra joan ginen finalaren ikustera, eta bertsulariek egiten zutenaz kurios nintzenez, bertsu eskolan sartu nintzen

-Zerk ematen dizu segitzeko gogoa?

Bertso eskolan dugun giroak ematen dit segitzeko gogoa, bestalde, ttipitatik izan dut txapel bat lortzeko nahikaria, baina oraindik lortu ez dudanez…

-Inoiz ukan duzu gelditzeko asmorik?
Orain arte ezagutu dudan giro onarekin, ez dut nehoiz gelditzeko asmorik izan, nahiz eta batzutan horri pentsatu

-Nola definituko zenuke zure bertsu eskola?

Lagun artean, giro onean, lan egiteko aproposa

-Eta Karlos?
Ttipitatik traumatisatu nauen erruki gabeko diktadore krudela. Baina ez nuen gaur egun dudan maila lortuko ez banu bere metodo zorrotzekin ikasi

-Bada bertsolari bat idolo gisa ikusten duzuna?

Ez dut baitezpada bat gehien gustatzen zaidana, bertsulari ainitz preziatzen ditut. Hala nola Sebastian Lizaso, Unai Iturriaga, Amets Arzallus…

-Nola ikusten duzu gaur egun Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoan bertsularitzaren egoera?

Karlos Aizpurua etorri denetik bertso erakasle gisa, gorakadan egon da hemengo bertsularitza, baina ohartzen naiz gure belaunaldiaren ondotik guttik segitzen dutela kolegioan sartzean, eta domaia da

-Zer falta zaio Ipar Euskal Herriko bertsolaritzari?

Erregularki jokatu ahal izango dugun Lapurdi, Baxe Nafarro eta Xiberuako xapelketa nagusia, aurten lehen aldikotz antolatua dena

-Aurten lehen txapelketa izango da. Nola ikusten duzu? Faboritorik bai?
Begiekin !!… Pentstzen dut etorkizun ona duela xapelketak, gainera ondoko aldian 6 gehiago baldin bagiran oraino hobeki. Bestalde, faboritoa, nahi ta nahi ez, Amets da

-Finalerako 8kotea asmatzen ausartuko zinake?
Badakizu untsa sobera berant dela horrentzat Bestenaz, nik eman nituen Sustrai, Amets, Maddalen, Patxi, Mizel, Odei, Miren eta Karlos barkatu zu ez emaiteagatik

-16 urte dituzu aurten, txapelketan parte hartzeko gazteegi…
Boh, zernahi gisaz, paritu den bezala, parte hartzeko aukera izanen dut, eta eegia erran berantetsi zait

-Bizkaiko txapelketa ere izango da momentu berdinean, segituko duzu?
Pixka bat segitzen dut, egunkarian irakurriz edo interneten ibiliz

-Nola ikusten duzu zure geroa bertsolari gisa?
Ez dut pentsatzen bertsolaritzaren bidez nere bizia irabazten ahalko dudanik, baina praktikatzen segituko dut

-Nori egingo zenioke elkarrizketa hau?
Elkarrizketa hau bertso eskolako kide guzier eginen nieke

-Bukatzeko erran nahi duzuna.

Galdera ikurra

MOTZEAN

1.- Zein hiru adjektiborekin definituko zenuke zure burua?
Gormanta, alaia eta pizua (batzutan)
2.- Ze izan nahi zenuke haunditan?
Ez dakit bate
3.- Bizitzako egun politena?
Egunero bizitzen duguna
4.- Gustuko duzun esaldi bat?
Batzuk jaten dute bizi ahal izateko, ni bizi naiz jan ahal izateko
5.- Maniaren bat edo aitortu daiteken bizioren bat?
Pfff… Hori zuk atxemanen duzu
6.- Gustokoen duzun kantua?
« Eh Txo ! »
7.- Erraitea asko kostatzen zaizun zerbait?
Erraitea kostatzen bazait, ez dizut erranen
8.- Nun gordetzen dituzu besteek (gurasoek adibidez) ikustea nahi ez dituzun gauzak?
Ez dut ezer gordetu beharrik
9.- Zein da zure gelatik gehien gustatzen zaizun objektua?
Ohea
10.- Gustukoen duzun marraki biziduna?
« The Simpsons »
11.- Printzesarik?
Eta zuk ?

ERRIMATUZ:
-Bertsua : euskal kulturaren sua
-Neskak : bizi osorako kezkak
-Txapela : ezin ukana, ze destinu krudela !
-Ama : nerekin badu lana !
-Rugbia : nere izaeraren erdia
-Aviron : hain talde ederrik ez dut ikusi iñon
-Ximun :Arma, tiro, pun !
-Karlos : Ez da iduri duen bezain hotz

puntu gorria

Ximun baino hoberik
ba al da bertsotan?

Atxemanen dituzu
hobeak denetan
Nahiz eta aski untsa
kantatu batzutan
Xapel beltzik buruan
ez dut oino ukan

Txanpona eta itsas-maila

Txanpona

Pirata batek ondokoari
txanpona bat diyo kendu,
gero barkoko brankara joan ta
itxasora botatzen du.
Hori jakinda orain galdera
nahi nizueke zuzendu:
itsas-mailak zer eingo ote du
igo, jaitsi edo mantendu?
(Zergatia nabarmendu…).

Xagua

Independentzia eguna Hernanin

Ostiraletik larunbatera
salto batez naiz pasako,
larunbatian Hernanin egun
señalatua zalako.
Eran, kantatu, eran, dantzatu,
eran, korri, eran, salto,…
Denetik pixkat egin genuen
beraz kontatu beharko.

Goizez (eguardiz) bertso poteo
batez hasi zan eguna,
arratsaldean sokatira ta
bizpahiru trago hurruna,
8ak alden berriz manifa,
hasera baten txukuna;
baina, ez da hain zaila asmatzen
gero pasa zitzaiguna…

Iada 10ak ken 7 ziran
joan ziranian etxera;
beraz, lasaitu eta berriro
joan giñen txosnen aldera.
Badakizue, betiko gisan
pasa zan hortik aurrera:
gure animoak gora joan ziran;
zerbeza katxiak behera…

Kontzertuetan tximuan pare
moitu ostian gorputza,
gure ustetan allatze giñan
baña zakurraren putza,
nola liteke… gu gabe joan zen
4retako autobusa;
ta azkenian 7k aldian
iritsi giñan Zarautza.

Bertsokateko askok joateko
egin genuen modua,
testimoniyo bat ere badet
ta zuentzako hor dua:
bertsokatekideak Hernanin
Hara Hooligan, Kzbl jauna,
aMA1a eta Xagua
(ta konpañiya Urruzunoko
pareja parranderua).

d.e: aMA1a, ez jartzeko ez bazenian esango akaso enun jarriko, baño bakizu, debekatzian tentaziyua sortzea ta…

d.e.2: Argazkiya handiyan ikusteko klik in gañian. Kalitatiai dagokiyonez kulpak Kzbl-ei (bere mobilakin ateatakua da) eo argazkilayai (Urruzunoko beste parrandazale bat); kasu hontan Xaguak eztaka kulpaik harritzekua bare jejeje…

Xagua

Gaxtiak Vs Xaharrak desapiyua

Ostiralian bertso eskolan
ohorea zegon kolokan,
Motxianeko gaxte ta xaharrak
jardun baikinen erronkan,
afalaurretik paletan eta
afalostian bertsotan,
jakin gainera nagusi izan
garela aurtengo hontan.

Paletan giñan Hooligan ta ni
Vs Xabi ta Etxabe,
hasi aurretik presioakin
ez genbiltzan horren bare,
lehengo urteko akatsetatik
ikasi degu halare
ta aurten errex gailendu gera
iya izerditu gabe.

Ondoren bertso desapiyuan
egin behar gendun burruka
eta Xevillan egin genuen
nahiko buztan afalduta,
bertso eskolan guk kanturako
afiziyua degu ta
afalostia hasi genuen
bertso zaharrak kantatuta
.

Xaharren taldian ziran Etxabe,
Xabi, Artzaya ta Martin,
eta gurian nola Arantzabal
etzen etorri gurekin
Hodei, Hooligan ta nik taldia
osau genun Txikiyakin,
ta garaipena gurea izan tzen
6 ta 5 emaitzarekin.

Xaharrek axkar eskatu zuten:
“alineación indevida”,
ta epaileak ipini ziren
errekurtsoai begira,
Txikiya ez dala hain gaxtia ta
onartu egin zuten tira…
baina iwal diyo hurrengo urtian
bueltak etorriko dira!!

Pikeak pike lagunartian
ibili giñan guztiyak,
ta holakotan pasa ohi dan lez
hegan egin tzun astiyak,
etxeratzeko lagundu zigun
John zaharraren abestiyak,
geyago jakin nahi badezute
hemen daude argazkiyak.

Xagua

IRLAN

Egileak hurrenez hurren: Xagua, Manu Jeikinobich, Amaia, Kzbl, Ane, Silvi, Turbix, Hooligan eta Julen.

1.-
Krisiak krisi, oporretara
nindoalarik Kubara,
bide erdian turbulentziak,
balantza eta dardara.
Ohartzerako, braust! Jausi giñen
txori erien gisara,
ohol bati heldu ta hotzez hiltzen
igaro ostean gaba,
erdi itota iritsi nintzen
irla desertu hontara.

2.-
Komikietan ikusi nuen
bezalakoa zen hura
zuhaixka batzuk eta hondarra
eta beste dena ura
urak haruntza eraman eta
han bota nuen aingura
ni bezalaxe, jende gehiago
iritsi zen ingurura
baina ez dakit iritsi nintzen
zeru edo infernura…

3.-
Krixton beroa egiten zuen
Infernuan den bezela
Hodeiak zeuden, iduri zuen
Zeru gainean nintzela
Ta pentsaketan ari nintzela
Hondar gainean horrela
Ikusi nuen, heldu zitzaidan
Gelditu ezin nuela
Baina eskerrak ni salbatzeko
Pikatxu agertu zela.

4.-
Pikatxurekin koko goxo bat
konpartitu nuen eri
gerora sano jarri nintzan ta
ezer ez egiten segi:
hamakan etzan, bainu bat hartu,
palmerapean eseri…
lasaitasuna baneukan bertan
baina agian gehiegi
lana re faltan hartuko nula
nork esango zidan neri!

5.-
Aspertzen ari nintzela otu
Ez zitzaidan ba “Mutiko!
Tokiak izen on bat behar dik
Eta pentsa zak txikito!”
Izen polit bat Euskal Herria
Zela nion nerekiko
Baina horrela izendatzea
Etzen suertatu logiko
Tabernik ez dun lekua ezin
Baita izan Euskal Herriko

6.- Nahiz faltan bota Euskal Herriko
parranda eta taberna,
han urrutira zerbait zegoen,
uxatu zitzaidan pena.
Izan zitekeen ametsetako
espejismo ederrena,
ezusterako hezur- haragiz
egina zegoen dena;
ondoan neukan Euskal Herriko
bertsolari guapoena.

7.- Betaurrekoak, ile kizkurra
ta urte batzuk gainean…
Nire irrifarra zabaltzen joan zen
pausoak eman heinean
ohartu gabe paradisuan
bainintzen azken finean,
baina tamalez haustu egin zen
azkar, modu ixilean
janari gabe, denak ez dena
baitirudi gehienean.

8.-
Egarrria ta gosearekin
mareatuta balantza,
ba nuen ba nik, krisi puta hau
ahazteko esperanatza.
Ze krixtotara etorri zaigu
ni nagoen irlarantza?
Bertsoak onak botatzen ditu
ez dut egiten zalantza,
baina ez al du bertsolai horrek
Pedrito Solbesen antza?

9.-
Pantasma horri aldegin zezan
Oihu egin diot ozen,
Gero zuhaitzak ebaki eta
Egurra hasi naiz lantzen,
Ohol forma eman, ongi lijatu
Elkarren ondoan zuzen,
Gogor itsatsi, pintura eman,
Tallatu bi pala gizen,
Txaluparekin ta arraunean
Ea nora heltzen naizen!

10.-
Txalupan irten ta berehala
Jo duenez ohe hertza
Nere begiak ireki ditut,
Inguruan dena beltza
Argia piztu ta nere duda:
“Ze ordu da ta ze fetxa?
Jo, ze nolako erokeria,
Ta paranoia,..bai,pentsa ¡
Neretzat soilik gorde behar dut
Gaur egin dudan ametsa”

U-25 Independentzia eguna

Independentzi eguna (egin klik)

Bertsolariak.
Trikitixa egun osoan zehar.
Txalaparta.
Sokatira finala.
Kontzertuak, oso kontzertu onak.
Ekitaldi politikoa eta beste zenbait ekitaldi.

Saltsa eta giroa, egun polita euskaldun sentitzeko.
Urriaren 25ean denok Hernanira Euskal Herriaren Independentzia aldarrikatzera!

Maitasuna landatuz…

maitasuna landatzen

Joan dira une garratzak,
negarrak eta beldurrak;
gaur harridura ikurrak
dira atzoko akatsak.
Ta berriz lehen urratsak
badatoz ustekabean,
sentitzen naiz azkenean
ilusioz ta primeran,
15 urtekin eran
tximeletak sabelean.

Pasatakoa aparte
utzi dut, baina nerekin
ilusio berriekin
nerbioek segi didate;
maite edo ta ez maite,
baietz dio margaritak.
Ametsak eta irrikak,
dena da plana geroko,
ea noiz egingo topo,
badatoz garai politak.

Berriz neska bat buruan,
berriz telefono deiak,
berriz poeten ideiak
oheratzeko orduan.
Garai batean moduan
ederra da bizitzea
eta ondo sentitzea.
Nahiz ez heldu helmugara,
sentsazio polita da
maitasuna landatzea.

Xagua

Bota bertsuba XIV

Bota bertsuba XIV
Xagua

San Calixto

Silvi

Urriak 14, yos… fetxa honek
burura egin dit salto.
Ah bai! Felipe III.ena
fetxa hontan jaio zalako!
Edo ta Huygens ta Arnold Toynbee-k
berdin egin zutelako?
Ez. seguruna UCI sortu zen
eguna hauxe delako…
Ez… Horregatik ez da izango.
Ostras! Alto Xagu! Alto!
Iwal fetxa hontan Titanic harek
ondoa jo zuelako?
Ezpa!!!! Egiya!!! Iya ahaztu zait…
gaur enabil hain galako…
Mila zorion Silvia zuri,
ta urte askotarako!!!

d.e: Barkau argazkiyagatik Silvi! Baina berrize ordenadoria izorrau zait ta Google-en zu bakarrik agertze ziñan argazki bakarra da…

Xagua

Langile baten semea

Xorta kolektibua bukatu bitartian (espabila kzbl!!!) Xabier Leten sorta apart hau jartzia pentsau du Xaguak. Gozatu, earrak dia ta!

1.-
Langile baten semea naiz ni,
aita bezela langile,
eguneroko ahaleginetan
soldata baten egile;
esku hutsik jaio eta
esku hutsikan nabile,
puntakoetan inor etzaigu
gertatu ongile. (bis)

2.-
Aita ta amak nahiko ninduten
fabrika batian,
bizitzarekin burrukatzeko
altzairu tartian;
bidetxiurretik noa,
agian nere kaltian,
baina ez det uste nabilenikan
horren apartian. (bis)

3.-
Izerdi asko ez det ixurtzen
larreko pendizan,
paper tartean murgildutako
zomorroa izan,
limosnatik bizi diren
umezurtz batzuen gisan
periodikuak ez dire gutaz
mintzatzen Parisan. (bis)

4.-
Horretan badet bizi geraden
herriaren antza,
ezintasuna gailendu eta
bakardade latza;
hezurreraino sartua
galtzailearen arantza,
eromen kolpez berpiztu nahirik
gure esperantza. (bis)

5.-
Gitarra txar bat hartu nuen ta
hemen nabil deman
euskaldun zaharrak aspalditikan
beti dugun teman;
ardo mindua edanaz
historiaren tabernan,
nahiz muturreko galanki jaso
bueltan ezin eman. (bis)

6.-
Hamaika orru ta bertso arrunt
nauzue botia,
ez da erreza trebe xehetzen
euskaldun otia;
norbaitek esango balu
hobe nukela joatia,
niri berdin zait zuek hemen ta
ni hor egotia. (bis)

« Aurreko orrialdea Project-Id-Version: wpmu-eu-0.2 Report-Msgid-Bugs-To: POT-Creation-Date: 2006-11-24 00:05+0100 PO-Revision-Date: 2007-02-02 20:03+0100 Last-Translator: Jokin Lacalle Language-Team: MIME-Version: 1.0 Content-Type: text/plain; charset=UTF-8 Content-Transfer-Encoding: 8bit X-Generator: KBabel 1.11.4 Project-Id-Version: wpmu-eu-0.2 Report-Msgid-Bugs-To: POT-Creation-Date: 2006-11-24 00:05+0100 PO-Revision-Date: 2007-02-02 20:03+0100 Last-Translator: Jokin Lacalle Language-Team: MIME-Version: 1.0 Content-Type: text/plain; charset=UTF-8 Content-Transfer-Encoding: 8bit X-Generator: KBabel 1.11.4

Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5