Andre txarraren bentajak

Aspaldiko partez bertso-zahar batzuk jartzeitu xaguak. Sorta honei kariño handiya diyou Motxianen ta afalostetan ta holako okasiyotan askotan kantatze deu, matxista xamarra da baño sorta ikiarriya!! Gozatu!

Xenpelar
Milla zortzireun irurogeita
laugarren urtian gera,
publikatutzen astera nua
familiyaren galera;
andre ederra gustatu eta
ekarri nuen aldera.
bide berriya egiña dauka
ganbaratikan kalera.

Aitak egiña nuen ezkontza,
amak nai zuen artzia,
neronek ere pentsatu nuen
aien eskura jartzia;
andre ederra ezin geiago,
umilla eta dultzia.
surtan jartzian probatutzen da
nolakua dan eltzia.

Amarretako jeikitzen bada
armariyua iriki,
arropak artu, amaiketako
apainduko da ederki;
katillu-salda arduarekin,
gorputza sano eduki,
bere burua gobernatzen du
gizona baiño obeki.

Lengo batian, esango det noiz,
igande illunabarra,
nere andria dantzan zebillen,
begira zeudenak farra;
lanian ez du gogorik baña
pandangolari azkarra,
baldin neonek ikusi banu
autsiko nion bizkarra.

Eskail-burutik amildu eta
goitikan beraño zuzen,
lendabiziko pentsatu nuen
eltze zarren bat ote zen;
anka bat zeukan Bitoriyan ta
bestia berriz Londresen,
gaur ere ala egongo ziñan
iñor etorri ez bazen.

Eldu nion ta an ari nintzan
andria ezin jasorik;
esan zidaten: “Edana dago,
ta ez egin orri kasorik”;
total egiña zegoen baina
alare ezurrak osorik…
esaten zuen: “Plakiyak nago,
ez al-da ardo goxorik?”

Egun guziya kanpuan pasa,
etorriko da gabian,
kopeta illun, begiyak zorrotz
sartutzen da sukaldian;
ume gaxuak negarrez daude
afariyaren galdian,
artua errotan, ogiya palta,
jakiya berriz kalian.

Arduarekin adiskide ta
gizonarekin zapuztu,
gaur ere nere andriarekin
egingo nuke apustu
botilla aundi bat basorik gabe
baietz agudo ark ustu;
orretan dago sufiziente,
beste bertajarik ez du.

Xenpelar

zabaldubildudel.icio.us

3 Iruzkin

  1. Hooooligan -(e)k esandakoa

    Ekaina 6, 2008 @ 12:05 am

    Inork ez du zalantzan jartzen bertso hauen kalitatea.
    Hala ere inork ez du ukatuko sorta honi darion matxismo usaia edo kiratsa: andrearen bizkarra berotu, apainduko da ederki (pekatua balitz bezala), gizona ez duela gobernatzen.
    Kontua zer da, bertso sortak berez duen forma edo lirika alaiak aipatzen diren ekintza parregarri eta matxista hoiek estaltzen dituela?
    Kausa on batek (kasu honetan bertso-sorta “on” bat kaleratzea) justifikatzen al du edukia edo mamia, hau astakeriz betea egon arren?
    Egilea ezagututa barkatu egin behar al da? Garai hartan dena libre al zen? Hala behar al zen?
    Jaun-andereok, gogoetarako hemen zabaltzen dut hari mutur bat, inork tiraka segi nahi balu.

  2. julen -(e)k esandakoa

    Ekaina 6, 2008 @ 1:03 pm

    iep!
    nik uste bertso xorta hau testuinguru eta garai batean kokatuta ulertu behar dela. orduan horrela ziren gauzak, gizona, gizona zen, eta emakumeak ia debekatua zuen etxezulotik ateratzea, apaintzea…zorionez gauzak aldatu dira eta gaur egun xorta hau idatziko balitz (ez dut ezagutzen horrelakorik egingo duenik baina bueno…) ba sekulako iskanbila sortuko zen. imajinatu, Aitor Mendiluzek Illunben neska bati ” pakete” deitu eta eztabaida sortu badu…

    garai hartan xorta bikaina izango zen, eta emakumeari erran zizkionak erran ondoren irri egiteko moduko xorta zen. gauzak aldatu dira eta orain ez da hala.

    garaiak aldatzen dira eta pentsamoldeak ere eta horren adibide da xorta hau. Gaur egun bertsotan gizen bati hala deitzegatik eta hartaz iseka egiteagatik jendeak farre egiten dion bezala, agian hemendik urte batzuetara gauza aldatuko da eta ezta farre egiteko kontua izanen(orain ere ez baina bueno…) …

    len erran bezala, bertsoak garai batean kokatu behar dira, gizarte batean…eta nik uste garai hartako ona zen bezala, orain ere ezin zaiola meriturik kendu egileari. egilea gaur egun bizi balitz elukelako holakorik kantatuko nik uste

    ala,! segi dezala bertze norbattek holliganek irekitako eztabaika! !

    ongi segi!!!

  3. Ekhinobitx -(e)k esandakoa

    Ekaina 6, 2008 @ 2:29 pm

    bai garai hartan eta bai egun bertso hoiek oso onak dira. Mamia kontutan hartu gabe teknikoki. Egiten dituen deskribapenak,

    Amarretako jeikitzen bada
    armariyua iriki,
    arropak artu, amaiketako
    apainduko da ederki;
    katillu-salda arduarekin,
    gorputza sano eduki,

    hitz-jokoak, loturak… Egia da emaztea gutxiesten duela eta gaur eguneko gizartean bertso horiei su emango liekela askok baina oso onak dira hala ere.

Iruzkin bat idatzi

Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5