Irunabar
2008 Maiatza 17 @ 16:10 (Albisteak)
Idatzi honen bidez, sortu berri dugun elkartearen berri eman nahi dizuegu. Irunen bertsoaren bilgune izateko sortu den Irunabar elkarteak, gure herrian somatzen genuen hutsune bat betetzeko asmoa du, hau da, bertsoak dituen bide ezberdinen bilgune izatea.
Bertsozaletasuna indartzea, bertsozaleak biltzea eta bertso eskolak lagundu eta sortuz, etorkizunean Irunen bertsolaritza ziurtatzea dira, besteak beste, Irunabarren helburu nagusienak.
Helburu eta asmo guzti hauen berri Maiatzaren 24an egingo dugun batzarrean emango dugu arratsaldeko 5 t´erdietan Irungo Mendizaleak elkarteak Larretxipi kalean duen egoitzan.
Batzarrean elkartea sortzeko arrazoien eta aurrera begirako asmoen berri emateaz gain, Irungo bertsozaleen bilgune izateko asmotan, bazkide zerrendari hasiera emango diogu, nahi duen Irungo bertsozale orok bertan izena emateko aukera izango duelarik.
Gaueko bederatzietarako berriz, aurkezpen eguna borobiltzeko asmotan, bertso afaria antolatu dugu EKT elkartean: Julen Zelaieta, Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi eta Manu Goiogana izango dira mahaiaren bueltan bertsotan arituko diren bertsolariak.
http://www.bertsozale.com/agenda//berria_8159.pdf
Proiektu polita da, eta orain honetan gabiltza buru-belarri. Hala ere, jende gutxi ari da mugitzen, eta ea jendea animatzen duzuen, batez ere ezagutzen duzuen inguruko (Bidasoako) jendea. Pasaiakrrak, oiartzuarrak, beratarrak eta inguruetakoak ere onartzen dira, eta besteren bat animatuko balitzake ere bai.Harremanetarako: irunabar@euskalerria.org