Agur sagar beltzaran
2008 Martxoa 19 @ 20:44 (Sortak)
Gaurre Xagua alper xamar dao ta beria ez dan bertso sorta bat jartzeu, seuru danak ezautzezuela baño beno; merezi du berrize letziak, earra da ta…
1.-
Gogoan al dun nola
biok parez pare
izan ginen urondo
bereko landare.
Gero egin hai zuhaitz
arrotzeko lore
badun nik ez dakidan
hainbesteko kolore:
zenbat aldatu haizen
SINESTEKO ere!
2.-
Alde huen herritik
igandean goizik
hemen ez omen baitzen
betikoa baizik
pantailan omen habil
orain oso pozik
behin erdi estalita
behin erdi biluzik:
ez ninan SINESTUKO
neuk ikusi ezik.
3.-
Eguzkiz makilatu
dinate azala
jantzi eta erantzi
panpina bezala.
Hi omen haiz harako
irla ideala
zoramen-haitzak eta
zorion-itzala:
ez dun SINESTEN baina
ematen dun hala.
4.-
Oraindik ezin dinat
buruan bat egin
joan hintzen usoa
“Txoriñe” honekin.
Maite haut esateko
zenbat hots ezberdin
oh ma chene. Oh mi amor!
I love you my darlin:
SINESTU dien eta
hireak egin din.
5.-
Amodioa hire
ager-ostenetan
teatroa besterik
ez dun gehienetan.
Hi azukrontzi jarri
haute banaketan
begiak euliak lez
ibiltzeko bertan:
zail dun SINESTEN baina
hala dun benetan.
6.-
Yo te adoro, oh my love!
Ene mon amour-a.
Ez al dun higuingarri
delako murmurra?
Betiko tuntun horrek
behar din gezurra
edo beste egien
estalki maltzurra:
zulatu didan neukan
SINESTE apurra.
7.-
Loriak udan intza…
Lizar gerri lerden…
Maitaleak horrela
mintzo gaitun hemen.
Ez dun hain “guaia” baina
euskaraz bederen hobeto jakiten dun
egia ote den:
hik dena SINESTU dun
ulertu baino lehen.
8.-
Ez dinat ukatuko
berezko lilura
loreak ere joaten
ditun merkatura.
Sal-erosian habil
eskutik eskura
heuk zenbat balio dun
ez zaien ardura:
SINESTEA zertan den
gure neska hura!
9.-
Halako marka berri
galanten aukera
turbo-motorea eta
bi izter gainera.
Prezioa jartzen din
bularren parera
tristura jetxi zaidan
gogo barrenera:
ezin dinat SINESTU
HI HAIZELA BERA.
Xabier Amuriza
