Bertsotan bai

Xagua azterketak diala ta nekauta dao ta gaur beriak ez dian bertso batzuk jartzeitu. Honek bai klasia ta hauek bai bertsuak, ez Xaguanak, Kzbl-enak, Ekhinobitxenak, Manunak, Silvinak, Aitor “hooligan” Urbietanak eta abar luze batenak bezelakuak. Gozatu:

Andoni Egaña

1.-
Ez dakit ziur nire ondotik
urrutiratuz zoazen,
nire bihotza ia bihurtu
duzu zalantza almazen.
Bere berean dena uztea
ez al litzake errazen?
Halere nire harrotasuna
adierazi nahi dut ozen,
zuri arrazoi on bat eskeiniz
zeu ere harro zaitezen.
gai naizen ala ez naizen
inoiz dudan jarri bazen,
opari gisan egingo dizut
arte obra bat hain zuzen,
egun ditudan sentimenduak
hilezkor gerta daitezen.

2.-
Zure koadro bat egin nahi nuen
amodio seinaletan,
ikatz ttantta bat duzu ilean
gorriska bi matrailetan,
hortzak zuriak, ezpainak gorri,
bi zulo grix hegaletan.
Margo arrea, urre margoa
izan arren begietan
ia mirari dirudi baina
ez da berbera bietan.
Saiatu nintzen benetan,
bai etsi ere penetan,
loa baztertuz gau eta egun
nahiz jardun eginalehetan
behar hainbeste kolorerikan
ez neukan nire paletan.

3.-
Amor emanda, amorrazioz
jaurtiki nuen pintzela
eskutan hartuz eskultoreen
mailua eta zintzela.
Brontzez ordea zure bazterrak
ezin egokitu bela
borobiltasun gutxigikoak
harria eta arbela,
buztina berriz urtzen zitzaidan
ikaraturik bezela,
egurra dai gai ustela,
denbora eusle motela.
Azkenerako ohartu nintzen
nahita ere ezin zela,
irudi batek islada zintzan
ederregia zinela.

4.-
Bizet Carmenez gogoratu zen
Elisaz berriz Beethoven,
Cohenek Suzanne aipatu digu
Tapiak bere Maddalen.
Zuri abesti bat egin nahian
isuri dut hainbat kemen,
jardun ez denak ez du jakingo
nolako lan eskerga den;
beltz eta zuri edo kortxeak
jartzen ahalik ondoen,
neuzkanak eman ondoren
kale egin dut nabarmen!
Pentagramari begiratzean
SOL ez da ageri hemen,
beste eguzki baten aurrean
lotsa sentituko zuen.

5.-
Sentimenduak adierazteko
bidea da poesia.
Aitaren egin ta zai jarri naiz
noiz helduko Alosia.
Gogoan dauzkat Venus jainkosa
ta Kupidoren gezia,
izar, enara, hormako huntza
orbela eta haizia,
gure Maritxu ta Bartoloren
iturrirako pasia,
hauxe gauza nahasia,
non ote dauka grazia?
Zuretzako motz gera daiteke
idatzitako guzia.
Zergatik zara horrein bitxia?
Zergatik hain berezia?

6.-
Erabaki dut, egingo dizut
zure argazki gorena,
aprobetxatuz ilunabarra
morez jazten den orena.
Errebelatu zaitudanean
nire mina, nire pena!
Ez da berdina neke unea
edo ta lotan zaudena,
elkar maitatu aurrekoa ta
asearen ondorena.
Nola harrapatu dena?
Oraina eta lehena.
Ze bide pobre eta urria
argazki kamararena,
une bakarrak ezin islatu
zu niretzako zarena.

7.-
Azken boladan sukaldaritza
dabil galoiez beteta;
esaerari letra aldatuz
“mokoa ez da errenta”.
Plato berri bat egitea zen
nire grina ta apeta,
zure ohorez asmatutako
“konifloradun txuleta”.
Erantsi nion zuk duzun gatza
eta nire binagreta,
ipini arren arreta,
irten zait dena erreta.
Ez al dut hobe etsia hartu
sukalde tresnak gordeta,
zure zapore gazi gozoek
berdinik ez dute eta.

8.-
Zalantzan nago trebetasunik
badudan ala ez dudan,
bertsoen bidez saiatuko naiz
nahi eta ezinen mugan.
Etsipenean animo zaitut,
sosegua kalenturan,
estalki goxo udazkeneko
arratsetako freskuran,
denboralean barealdia,
irrifarrea tristuran,
bandera zuria gudan,
puntilla xumea mudan,
beheko su txingar neguan eta
lur busti usaia udan.
Bertsotan aisa azal dezaket
zenbat maitatzen zaitudan.

Andoni Egaña

zabaldubildudel.icio.us

9 Iruzkin

  1. Silvi -(e)k esandakoa

    Otsaila 1, 2008 @ 9:33 pm

    atzena dudeipe… pf.

    puntilla xumea mudan…

    onaepa!

  2. [KZBL#19] -(e)k esandakoa

    Otsaila 3, 2008 @ 10:06 am

    dame una S
    dame una U
    dame una P
    dame una E
    dame una R
    dame una E
    dame una G
    dame una A
    dame una Ñ
    dame una A

    …S.U.P.E.R…E.G.A.Ñ.A…

  3. Xagua -(e)k esandakoa

    Otsaila 3, 2008 @ 11:01 am

    Nahiz eta izango den
    monitore sena,
    hau da ridikulua
    gaur egin duena…

  4. Julen Zelaieta -(e)k esandakoa

    Otsaila 3, 2008 @ 8:19 pm

    lehen 7 bertsoak hagitz onak. 8.a bikaina. azken bertso hori da dudarik gabe egañari entzun/irakurri diodan bertsorik hoberena. antologikoa.

    nik hobeak bota ditzaket baina egaña izateko xorta bikaina. jeje!

    bukatu aurretik duda bat: hau bertso katea bada, gu zer gara bertso katetoak???
    orain bai, ongi segi!

  5. Ekhinobitx -(e)k esandakoa

    Otsaila 3, 2008 @ 8:34 pm

    Julen, hire duda argitzeko!
    Gure bertsoak kateatuya zaudek!

  6. -(e)k esandakoa

    Otsaila 3, 2008 @ 11:29 pm

    Bertso earrak baina pixkat modatik pasatakuak. Alegiya, metodua, gaur egunian zerbait aitortu nahi badezu, bertso sorta baten bidez ez da oso efektiboa, deskuidatu ezkeo ridikulua ta dana, nahiz munduko bertso onenak izan. Tamalgarriya, baina hola da errealitatea jaunak , ta andreak cest la vie

  7. Manex -(e)k esandakoa

    Otsaila 4, 2008 @ 11:27 am

    Eliteen eliteko
    elitedun elitea
    zeini okurritzen zaio
    horrein ona izatea

    Metodua alperrik da, esan nahi dana garbi ez badakazu. Gauzak hain garbi edukitzeak ekar dezake bakarrik honelako artelana.
    Orain ze sms bidez deklaratu behar al da?

  8. Maia -(e)k esandakoa

    Otsaila 4, 2008 @ 11:47 am

    Egaña ez bada txulo bat
    zer nahi dezu esatea…

  9. Anonimoa -(e)k esandakoa

    Otsaila 4, 2008 @ 3:04 pm

    naezuena, baño hauek baño brso hobeik…nekez!

Iruzkin bat idatzi

Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5