November Rain

Kaixo! Orokorrean bertso eta asmakizunak erabiltzen baditugu ere, gaurkoan abesti batekin natorkizue, ingelesezkoa gainera.

novemberrain.gif

Abesti ezagun hau Guns ´N` Roses talde mitikoak konposatu zuen Use your Ilusion I beren 3. diskoan, 1991an, onak ziren garaian. Diskoa kaleratu orduko egundoko arrakasta izan zuen eta abesti onen bideoklipak MTV-ko urteko bideoklip onenaren saria eraman zuen. Urtebete geroago, kantak izan zuen harrera ona ikusita, 2. bertsio bat egin zuten, akustikoan pianoarekin eta hau da gomendatu nahi dizuedan kanta.

Pentsakor eta serio, kezkatuta edo penetan zaudenean bakardadean eta isiltasunean entzuteko aproposa, gure barruak husten eta ideiak sakontzen eta argitzen laguntzen du. Musika barruraino sartzen da, emozioa eta erlaxazioa eragiten ditu eta letra ere garbi entzuten da eta nahiko ulerterreza da (ingelesez dakienarentzat, noski). Beraz, nire hilabete honetako proposamena, otsail eguzkitsu batean bagaude ere hauxe da: November raim (acoustic). Zerbait dakien batek hitzegiten dizue.

Joseina Etxeberria

Bonbila piztuta?

Hona berriz asmakizuna, astindu garuna, laguna!

                Bonbila

Bi pisutako etxe batean
daude 3 interruptore,
goiko pisuko gelako argia
batek pizten du dotore.
3-rak beheko pisuan daude
traidore traidore.
Jakin nahi nuke pizten duena
ote den A, B edo D.

Baldintza batzuk: argiak ez du
erreflejorik egiten,
bakarrik zaude, ezin da deitu
ta ezin da etxetik irten,
gora behin soilik igo zaitezke.
Ez da hain errez jakiten
halere ea emaitza ona
norbaitek ematen diten.

Xagua

1=2

Matematikak zehatzak dira,
zehatzegiak aukeran;
baina lege orok salbuespena
eduki ohi du beregan.
Xaguak badu horren berri ta
zuri nahi lizuke eman,
sinistu zazu 1=2 da
(lasai eztet ezer eran);
ikusi zazu ekuaziotan
egitan zer pasatzen dan
ta ea gero kontrakorikan
esaten aursatzen zeran!!!

Demagun a=b dela, orain ekuazioaren alde biak “b”-z bidertzen baditugu:

ab = b²
a²-ab = a² - b²
a(a-b) = (a+b)(a-b)
a = (a+b)

a=b denez, “b” ordezkatuz:

a = (a+a)
a = 2a
1 = 2

 Xagua

Bota bertsuba III

Bota bertsuba

Gaur damutzen naiz baina…

Hona hemen Haritz Casabalek idatzitako sorta bat. Batzuek zentsura merezi dutela diote, 2007ko Ibon Zabala bertso paper lehiaketan zentsuratuak izan ziren. Ongi egina? gaizki? zuen iritzia jakin nahi dugu.

 

 GAUR DAMUTZEN NAIZ BAINA…

nituen berrogei urte,
ez horrenbeste bertute. (BIS)
lehen emango nuke
dena ume sexu truke
gaixotasun bat nuen bai.
baina enuen sendatu nahi!

ikusiz hainbat argazki
igaro hainbeste asti (BIS)
nahiz jakin ondo aski
hau zegoela gaizki.
etzen damurik iristen.
enuen begirik ixten!

beñaten begi dizdira
ikusten zen urrutira (BIS)
joaten zen tokira
ni berari begira.
enuen utzi aparte.
nahi nuena lortu harte!

nere ametsen topea
zen berekin egotea (BIS)
izan banu zortea
ginake bikotea.
ez dakit berak nahi zuen…
baina nik grabatzen nuen!

klasetik ateratzean
sartaraziaz kotxean (BIS)
ni beñaten atzean
bera oihuz lertzean.
bazen garrasi ederrik.
nahiz etzegoen plazerrik!

hogei polizi batera
atea botata behera (BIS)
lehenik bota lurrera
ta eskuak atzera
juxtu harrapatu ninduten
bere bideoak ikusten!

kalabozorik epaira
zuzenean joanez gaira (BIS)
seinalatzeko gai da
behatza nere mahaira
hogei urteko kondena.
bihar amaituko dena!

nengoen atxilotua
eskuburdinez lotua (BIS)
azalduaz patua
nere abokatua:
“Beñat zenuenez mindu
bere buruaz egin du!”

Beñat zen horren liraina…
gaztea bezain apaina (BIS)
gaur damutzen naiz baina
jaso arren ordaina
horrekin ez da nahikoa
hilda dago mutikoa!

ez hesi ta ez harresi
ez harresi ta ez hesi (BIS)
enaiz joango ihesi
ez dut hori merezi
denek jakin dezatela
moustro puta bat naizela!

egina otu aldiro
nere buruari tiro (BIS)
joko nion segido
gerta ez dadin berriro
ez dut esango gezurra.
neronek daukat beldurra!

Doinua: Ia guriak egin du.

Egilea: Haritz Casabal.

*[KZBL#19]*

Bertsotan bai

Xagua azterketak diala ta nekauta dao ta gaur beriak ez dian bertso batzuk jartzeitu. Honek bai klasia ta hauek bai bertsuak, ez Xaguanak, Kzbl-enak, Ekhinobitxenak, Manunak, Silvinak, Aitor “hooligan” Urbietanak eta abar luze batenak bezelakuak. Gozatu:

Andoni Egaña

1.-
Ez dakit ziur nire ondotik
urrutiratuz zoazen,
nire bihotza ia bihurtu
duzu zalantza almazen.
Bere berean dena uztea
ez al kitzake errazen?
Halere nire harrotasuna
adierazi nahi dut ozen,
zuri arrazoi on bat eskeiniz
zeu ere harro zaitezen.
gai naizen ala ez naizen
inoiz dudan jarri bazen,
opari gisan egingo dizut
arte obra bat hain zuzen,
egun ditudan sentimenduak
hilezkor gerta daitezen.

2.-
Zure koadro bat egin nahi nuen
amodio seinaletan,
ikatz ttantta bat duzu ilean
gorriska bi matrailetan,
hortzak zuriak, ezpainak gorri,
bi zulo grix hegaletan.
Margo arrea, urre margoa
izan arren begietan
ia mirari dirudi baina
ez da berbera bietan.
Saiatu nintzen benetan,
bai etsi ere penetan,
loa baztertuz gau eta egun
nahiz jardun eginalehetan
behar hainbeste kolorerikan
ez neukan nire paletan.

3.-
Amor emanda, amorrazioz
jaurtiki nuen pintzela
eskutan hartuz eskultoreen
mailua eta zintzela.
Brontzez ordea zure bazterrak
ezin egokitu bela
borobiltasun gutxigikoak
harria eta arbela,
buztina berriz urtzen zitzaidan
ikaraturik bezela,
egurra dai gai ustela,
denbora eusle motela.
Azkenerako ohartu nintzen
nahita ere ezin zela,
irudi batek islada zintzan
ederregia zinela.

4.-
Bizet Carmenez gogoratu zen
Elisaz berriz Beethoven,
Cohenek Suzanne aipatu digu
Tapiak bere Maddalen.
Zuri abesti bat egin nahian
isuri dut hainbat kemen,
jardun ez denak ez du jakingo
nolako lan eskerga den;
beltz eta zuri edo kortxeak
jartzen ahalik ondoen,
neuzkanak eman ondoren
kale egin dut nabarmen!
Pentagramari begiratzean
SOL ez da ageri hemen,
beste eguzki baten aurrean
lotsa sentituko zuen.

5.-
Sentimenduak adierazteko
bidea da poesia.
Aitaren egin ta zai jarri naiz
noiz helduko Alosia.
Gogoan dauzkat Venus jainkosa
ta Kupidoren gezia,
izar, enara, hormako huntza
orbela eta haizia,
gure Maritxu ta Bartoloren
iturrirako pasia,
hauxe gauza nahasia,
non ote dauka grazia?
Zuretzako motz gera daiteke
idatzitako guzia.
Zergatik zara horrein bitxia?
Zergatik hain berezia?

6.-
Erabaki dut, egingo dizut
zure argazki gorena,
aprobetxatuz ilunabarra
morez jazten den orena.
Errebelatu zaitudanean
nire mina, nire pena!
Ez da berdina neke unea
edo ta lotan zaudena,
elkar maitatu aurrekoa ta
asearen ondorena.
Nola harrapatu dena?
Oraina eta lehena.
Ze bide pobre eta urria
argazki kamararena,
une bakarrak ezin islatu
zu niretzako zarena.

7.-
Azken boladan sukaldaritza
dabil galoiez beteta;
esaerari letra aldatuz
“mokoa ez da errenta”.
Plato berri bat egitea zen
nire grina ta apeta,
zure ohorez asmatutako
“konifloradun txuleta”.
Erantsi nion zuk duzun gatza
eta nire binagreta,
ipini arren arreta,
irten zait dena erreta.
Ez al dut hobe etsia hartu
sukalde tresnak gordeta,
zure zapore gazi gozoek
berdinik ez dute eta.

8.-
Zalantzan nago trebetasunik
badudan ala ez dudan,
bertsoen bidez saiatuko naiz
nahi eta ezinen mugan.
Etsipenean animo zaitut,
sosegua kalenturan,
estalki goxo udazkeneko
arratsetako freskuran,
denboralean barealdia,
irrifarrea tristuran,
bandera zuria gudan,
puntilla xumea mudan,
beheko su txingar neguan eta
lur busti usaia udan.
Bertsotan aisa azal dezaket
zenbat maitatzen zaitudan.

Andoni Egaña

Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5