“Zaharrak berri”
2007 Azaroa 12 @ 18:59 (Sortak)
Sorta bat jartzet aspaldiko partez, oain dala hiru urte paxa idatzitakua da hau eta doinua “aita izenak kanta beharrak” da.
1.-
Hondamendiak ta berri txarrak
nola ez diren amaitu
egunkariak baietz oraindik
urte askoan jarraitu;
horietako bat azalduko det
sailik sail ta aipuz aipu,
eguneroko gure bizitzan
leku bat betetzen baitu,
“berriak” edo zaharrak diren
ikusi eta epaitu (bis).
2.-
Iritzi hauek irakurrita
baditut hainbat zalantza,
guztiek dute konponbide bat
aurkitzeko esperantza
ta “zenbat buru hainbat aburu”
esaera ez da txantxa,
denek diote munduak joan
behar dula aurrerantza,
batzun aurrea besteentzako
atze izango da antza (bis).
3.-
Euskal Herria ageri zaigu
politikako albistez,
errudunaren bila dabiltza
irtenbidearen partez,
hitz egin gutxi egiten dute
mingaina astindu errez,
diskurtso denak eta txikleak
antzekoak dira berez;
mastikatzea posiblea da,
irenstea ordea ez (bis).
4.- Bestela ere egunkarian
bada hildako mordoa,
dirudienez jendearentzat
badauka bere morboa,
hala izaki eskelek dute
etorkizun oparoa,
malkoen urak dakarren hori
malkoen urak daroa,
errekatxoa behar zuena
ibai bilakatuz doa (bis).
5.-
Petrolioa tarteko dela
ai ama! Zenbat atake!
Egia da bai, diru kontuak
itsutu egin gaitzake.
Albiste hauek irakurrita
honela esan nezake:
ekonomiak eta yoyoak
antza handia daukate,
gora ta behera egiten dute
soka apurtzen den arte (bis).
6.-
Munduan ere ezer onik ez
hau panorama krudela,
txikia beti handian menpe
bizitzaren erregela.
Albiste hauek irakurrita
esan nezake honela:
bizitzan ere gertatzen dela
kolunpiotan bezela,
oinak lurrean jarri orduko
pozak amaitzen direla (bis).
7.-
Alde guztita zabaldu zaigu
diruaren karrusela,
jolasa joko bihurtu zaigu
zoritxarrean horrela,
kirolak zuen xarma guztia
diruak galdu duela,
urte batzuen buruan ziur
nago agertuko dela
ekonomian azpiatal bat
izango balitz bezela (bis).
8.-
Ahaztu ditzagun momentu batez
munduaren ezbeharrak,
gure kulturak ditun berriak
ez dira batere txarrak:
dantza taldeen arin arinak,
rockeroen dehiadarrak,
hainbat antzezlan, magia eta
bertsolarien marmarrak;
hauxek dira egunkariko
berri pozgarri bakarrak (bis).
9.-
Nor ez da egon asperturikan
denborapasak eginez?
Nor ez da egon gurutzegrama
osatzeko jakinminez?
Baina denbora urrezkoa da,
azkar egin ohi du ihes.
Guzti hau ondo azal liteke
esaera honen bidez:
“ardi galdua atzeman leike
aldi galdua aldiz ez” (bis).
10.-
Munduan gutxik izaten dute
honek hainbeste botere,
etxe denetan mandoa duna
izaten baita errege.
Telebistako orrialde hau
egin nahiko nuke nere;
buru jan bera botatzen dute
egunero hala fede,
zer dagon berdin jakingo gendun
irakurri gabe ere (bis).
11.-
Jende gehienak gustukoa du
eguneroko ordena:
esnatu eta lehen begirada
kafea hartuz aurrena,
gosaldu eta beste guztia
komun barruan hurrena,
hauxe ez al da monotonian
adibide garbiena?
Berri berdinez osatua ta
goizero irteten dena (bis).
Xagua