Txapelketaren zurrunbiloan

gpuntua.jpg
Kaixo gaztiak!

Nere lagun Oierrek konbentzituta ni re azkenian animatu naiz zuen Bertsokate ezagunean idaztera. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa azkenetara ailegatzen ari dan hontan inor gutxi akordatzen da nere moduko partehartzaile “sobranteekin”. Gure herriko Txaparro hilabetekari politak alero argitaratzen du zutabe batean bertso sorta bat eta azkenekoan neri zegokidan bidaltzea. Getariko kanporaketak utzitako amorrazioz, sorta hauxe idatzi nuen (4 10eko haundi), eta irakurri dutenen artean nahiko harrera ona izan duela uste dut. Beno, luzamendu gehiago gabe nere bertsoekin uzten zaituztet, ea gustatzen zaizkizuen.

1.
Gipuzkoako Txapelketa bat
bada bertsolariena
gure burua erakusteko
eszenatoki gorena
puntuen bidez zehazten dute
gure mailaren ordena
lau urterako markatzen dute
zein den gure ondorena
gehienontzako gorrotagarri
bezain tentagarri dena.

2.
Epaimahaikoa han dago erne
kutxiloa zorroztua,
bete behar da bai euren eta
bai entzuleen gustua
arrazoi ona bota beharra
errima berriz estua
erantzuna´re egokia ta
doinu apropos justua,
hori guztia pentsatzerako
bertso osoa ahaztua!

3.
Gai-jartzaileak ipintzen gaitu
kinka larrian trantzeko
nahiz nerbioak dantzan ibili
gu tinko odol hotzeko
nondik eraso, nondik defendi
kolpea gogor jotzeko,
rol ezberdinak hartu behar-ta
arriskua gertatzeko
uste ez deguna kantatutzea
puntu gehiago lortzeko.

4.
Lagun dexente ari gara ta
denok ezin degu pasa
gutako batzuk sailkatu dira
ez da ez jende eskasa,
puntan daudenek ziurtatuta
urtean hainbeste plaza,
beste batzuri nahi baino lehen
amaitu zaigu jolasa
beraz jarraitu beharko degu
komunean geure kasa.

Aitor “Bertsohooligan” Urbieta

Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5